Euskadiko Liburutegi Digitalaren edukiak Europako Liburutegi Digitalera

Bizkaie! 2024-04-25 12:26   Kulturea

Euskariana da euskal kultureari buruzko edukietara sartzeko atari digitala.

Erretratua: Germán Elorza Arrieta, Euskadiko Artxibo Historikoa (https://www.artxibo.euskadi.eus/hasiera/). | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskariana euskal kultur ondareagaz zerikusia dauen edozein eduki Interneten bilatzeko aukerea emoten dauen atari digitala da. Eusko Jaurlaritzearen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, Euskal Autonomia Erkidegoko udalen, unibersidadeen eta euskal kultura-ondarearen baliabide digitalizatuak kudeatzen dituen erakunde pribatuen arteko lankidetza estuan eregitako proiektua da eta jatorrizko euskarriak liburuak, aldizkariak, kartelak, argazkiak, diskoak edo bestelako materiala dira.

Euskarianaren proiektuak orain dimensino handiagoa izango dau Europako Liburutegi Digitalean, Europeanan, sartzeagaz batera, izan be, Europako Liburutegi Digitaleko Agregatzaileen Batzar Nagusian, martiaren 18an, Euskariana Europeanako 43. Agregatzaile bezela onartu eben. Foro hori domeinu eta gai-agregatzaileen sare batek osotzen dau, kultura-erakundeei laguntzen deutsen datu-hornitzaileek, Europeanari datuak eta edukiak emoteko modua izan deien. 2023ko urrian, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak datuak trukatzeko akordioa sinatu eban Europako Liburutegi Digitala kudeatzen dauen Europeana Fundazinoagaz.

Europeanari baliabideak emoten deutseen pertsona eta erakunde guztiek Datu Bazkide estatusa jasoten dute. Hemendik aurrera, Euskarianako bazkideek, gaur egun 71 bat (artxiboak, liburutegiak, museoak, foru aldundiak, udalak, fundazinoak, alkarteak, enpresak, kultura-zentroak...), nahi izan ezkero, Euskarianaren kudeatzaile dan Euskadiko Liburutegi Digitaleko Zerbitzuari baliabideak Europeanara gehitzeko eskatu ahal izango deutse.

Europeanak 2600 hornitzaile baino gehiagoko Europako artxibo, museo, liburutegi eta ikus-entzunezko bildumen miloeka baliabide digitaletarako sarbidea emoten dau. Euskariana Europako Liburutegi Digitalean sartzen danean, euskal kultura-ondarea Europeanako edozein erabiltzailerentzat egongo da eskuragarri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu