Urdaibaiko Biosferearen Erreserban, mobimentua sortuz

Amaia Larruzea 2021-03-31 13:48   Ibilian-ibilian

Mendiak emoten deuskun askatasuna eta itsasoak emoten deuskun lasaitasuna bateratzea lakorik ez da.

Mendia eta itsasoa buztartzea nire denpora-pasarik gogokoenetako bat da; beti mendian nabilen arren, itsasotik hur be ibilten ez banaz ez naz neu sentiduten. Askotan, bakotxa bere momentuan, biak bateratu barik, eta, beste batzuetan, oraingo honetan lez, biak buztartzen saiatuz. Mendiak emoten deuskun askatasuna itsasoak emoten deuskun lasaitasunagaz bateratzea lakorik ez dago.

Urdaibai espazio natural zoragarria dala ez dinogu bizkaitarrok soilik, UNESCOk 1984an Biosferearen Erreserba izentau ebalako. Hegaztien gotorleku aparta eta preziadua izateaz gan, naturea maite dogunontzat inguru parebakoa be bada, izan be, hainbat eta hainbat ibilbide doguz ekosistemearen barruan sartzeko. Kantauri Itsasoaren bazterrean kokatzen dan Urdaibaiko Biosferako Erreserbeak 203 km2 hartzen ditu. Bitxikeria lez, Bizkaiko Lurralde Historikoaren lurrazalaren %10 eta Euskal Autonomia Erkidegoaren %3 da. Datu bitxi eta ederrak. Iparraldeko mugea, hain zuzen be, itsasbazterraren lerroak ezarten dau eta itsas beheren mailearen araberakoa izan ohi da, Matxitxakoko lurmuturretik (Bermeo) Arbolitzeko puntaraino (Ibarrangelu), Elantxobeko kaia eta Eako errekea tatean harturik. Iparreko muga hau, Mundaka parean dagoan Izaro isla ezagun eta preziaduak ezarten dau.

22 udalerrik osotzen dabe euskal itsasbazterreko espazio babesturik baliotsuena deritxona, eta bertan, ekosistema eta paisaje ugari batzen dira, padura ezaugarririk bitxienetako eta bisitatuenetako bat dogularik. Garrantzi ekologiko zenbaezina dau inguru maite honek, turismo asko ekarteaz gan, ingurukoon arnasbide be bilakatu da. Euskal Herriko hondartzarik ikusgarrienetako batzuk be bertan kokatzen dira, horreen artean, Laga eta Laida. Ogoño lurmuturrak hainbat aukera eskaintzen ditu ibiltarien eta eskalatzaileen gozamenerako, eta Atxarreko San Pedrok eta Ereñozarrek ikuspegia perspektibaz ikusteko aukerea emoten deuskue. Omako baso ezaguna eta Santimamiñeko kobak be hor doguz familia artean gozau ahal izateko. 

Heldu daiogun, beraz, inguru magiko hau begiratzeari: Laga eta Laida hondartzak mendirik mendi lotzeari ekingo deutsagu. Horretarako, batean edo bestean hasi ahal izango gara. Esaterako, Laidako hondartzara heldu aurretik dagoan kanpinaren aparkalekuan itxiko dogu autoa eta ezkerretara dagoan baso bideari helduko deutsagu. Handik aurrera eginez, padurea ikusteko aukerea izango dogu, Kanala auzoan. Atxarrera igon, baseleiza eder honetako harresi oparoak eskaintzen deuskun ikuspegi parebakoaz gozau, eta Mundaka begi bistan izango dogu. Akorda auzora abiatu eta handik Lagarantz, Ogoño lurmurturrera igon, itsasoaren nagusitasunaz jaubetu, eta, nahi izan ezkero, Elantxobeko kanposantutik Lagako hondartzara bertara jatsi eta Laidara bueltan.

Oraintsu, egunotan, Laidako hondartzatik Lagako hondartzara egindako bidegorri barriaz gozetako aukerea izan dot eta zoragarria da horren segurua dan bidea egitea. Lehen, nahiko arriskutsua zan bidetik joatea eta beti nahiago izan dot goitik, menditik, joatea, baina orain badago aukera hau, eta ederra ganera. Bakarrik, lagun artean, familiagaz edota nahi dozun eran, baina gozau eizu Urdaibaiko Biosferearen Erreserbeak eskaintzen dituan aukera mugabakoez. Munduan leku zoragarri asko egongo dira, baina, itxialdi garai honetan, etxean non gozatua ez daukagunik ezin geinke ezelan be esan. Non gozatua badago eta non ibilia be bai. Altxor ederrak gurean!!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu